
Hernani Club Rugby Elkarteak aurrerapausoa eman du euskara sustatzearen alde. Urteetan zehar klubak egindako lanari, beste bultzakada bat eman beharra zutela ikusita KEES Metodologian murgildu dira.
KEES (Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko) Metodologia, izenak berak dioen bezala, entrenamenduetan euskara sustatzeko metodologia bat da. Oso entzuna da azken aldian, euskararen sustapenean hezkuntzak bakarrik ezin duela; laguntza behar duela. Laguntza hori, haur asko eta askok ordu ugariz aritzen diren zerbaitek eman behar du, eta hori kirola da.
Kirol entrenamenduetan euskara sustatzeak, hezkuntzak egiten duen lana indartzen du. Egunari euskara orduak gehitzen dizkio eta gainera, haurrak une atsegin batean daudenean egiten da; kirolean.
Hori horrela, KEES Metodologiaren sustatzaile den Aritz Olagoiren eskutik, lehenengo formazio saioa jaso dute entrenatzaileek. Izan ere, beraiek izango baitira metodologiaren oinarria. Oso funtzio garbia izango dute: euskarari eustea. Horri esker, euskarazko testuinguru bat sortuko dute eta haurrek korronteari jarraitzea besterik ez dute izango.
Ederra emandako aurrerapausoa! Segi dezagun euskara indartzen eta normalizatzen! Aupa zuek! #KiroleanEuskaraz