Zerk lotzen ditu Iñaki Artola pelotaria, Maitane Urbieta kazetaria, Maialen Chourraut piraguista eta Joxe Gurutz Hernani Rugbyko lehendakaria? Lauak kirol munduarekin lotutako pertsonaiak izateaz gain, hizkuntzak ere lotzen ditu: euskara baita euren hautua.

Azken urteotako euskararen egoera oso erraz definitzen da, baina oso zaila da ulertzen: inoiz baina gazte gehiagok daki euskaraz hitz egiten, baina geroz eta gutxiagok hitz egiten du. Jakintza horretan, hezkuntzak izugarrizko garrantzia izan du. Baina bertatik aterata, ez zaio jarraipenik ematen eta gaztetxo askok eguneko beste ordu gehienetan ez dute euskaraz egiten. Hori dela eta, gaztetxo horiek egunean zehar egiten duten hori euskaratzeko beharra ikusten da eta alderdi horretan sartzen da kirola. Horixe baita askok eta askok ordu luzez praktikatzen dutena.
Saioaren helburua gure gaztetxoei kirola ere euskaraz egin daitekeela adieraztea izan zen eta horretarako, eta bide batez “Kirolean Euskaraz” ekimenari indarra emateko, kirol munduarekin lotura duten pertsonaiez osaturiko mahai ingurua osatu genuen.

Saioa Maialen Lujanbioren bertsoarekin hasi zen. Bera ere izan baitzen bertan. Argiak piztu eta mahai inguruari hasiera emateko bertsoa bota zuen, baina baita gonbidatu bakoitzaren bertso-aurkezpena egin ere.
Aipatutako pertsonaiez gain, saioaren gidaritzapean Irati Sarasua kazetaria aritu zen. Hizkuntza eta Euskara izan ziren mahai gainean jarri zituen lehen kontzeptuak. “Zer datorkizue burura hitz horiek entzutean?” Hizlari bakoitzak bere erantzuna eman bazuen ere, norberak euskararen alde egin duen apustua izan zen gehien nabarmendu zena. Prentsaurrekoetan, familian edo aldagelan, beraien hizkuntza euskara da.
Saioko protagonismoa une batez pantailak izan zuen; bertan agertu baitziren Imanol Agirretxe futbolaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakaria eta Karmele Gisasola Herri Kirolaria beraien anekdotak kontatzen. Euskararekin izandako esperientzia on eta txarrak. Tamalez, oraindik ere jasan behar izaten baituzte.
Gure protagonistek ere, zenbait anekdota aipatu zituzten eta pixkanaka, saioa amaierara iritsi zen. Hori Maialenen esku geratu zen. Izan ere, solasaldiari amaiera goxoa emate aldera, itxiera bertsoa bota baitzuen.
Oraindik mahai ingurua ikusi ez baduzu, hemen duzu ikusgai!