Eta azkenik, uda!

San Joanak aurten indartsu joan dira, eta eguraldiak aurten inoiz ez bezala lagundu digu. Eguzkia, beroa, giro ederra, txarangak, buruhandiak, azeri-dantza, txosnak, festarako gogoa… zer gehiago eska daiteke?

Jaiak izan arren Euskara ari duk lanean jarraitu du. Herri osoan barrena jarri genituen Baietz Hernanik! zioten pankartak, girotzeko eta jendeak hor jarraitzen dugula ez ahazteko.

Horrez gainera, ekainaren 26an Ari du poteoa dinamizatu genuen. Jende dezente bildu zen, erronkalariak nahiz erronkalariak ez direnak, eta denak pozik ibili ginen jai-giroan. Gustura gaude emaitzarekin, eta izandako harrera ona ikusita, ez dugu baztertzen udazkenetik aurrera poteoa gehiagotan egitea. Dena dela, dena ez da izan guk nahi bezain ona. San Joan jaietan, tamalez, eraso sexistak izan ditugu herrian, eta haien aurka protesta egiteko deialdia zegoenez, guk ere ibilbidea aldatu eta elkarretaratzearekin bat egin genuen. Guk ere ez dugu eraso sexistarik nahi Hernanin, eta ozen esan behar dugu: NAHIKOA DA, EZ DUGU JARRERA MATXISTA ETA ERASO SEXISTA GEHIAGO NAHI!

Bestalde, askok ikusiko zenuten bezala, herrian gure pegatinak banatu ditugu tabernetan nahiz kalean, eta Hernani osoa tantatxo berdez jantzi genuen. Eskerrik asko gure pegatina jantzi zenuten guztioi!

Orain, udaz gozatzea eta Hernani euskalduntzen jarraitzeko lanean aritzea baino ez zaigu geratzen. Gozatu udaz eta oparitu digun eguzki gozoaz (behingoz!).

Baietz Hernanik!

Utzi iruzkina