Euskara zorrotz, hizkera bizi

Norentzat den tailer hau: Euskaraldian ahobizi izanik, gero eta aho-biziago izatea nahi duten euskal hiztunentzat.

Zergatik antolatu dugun: aizkora behin zorroztea aski ez den bezala, hizkuntza ere behin eta berriz zorroztu beharra dagoelako, etengabe.  Hizkuntza behar bezala zorroztuta eduki ezean, nekez baliatuko zaio hiztunari benetan axola duten kontu eta alorretan.

Euskararen kasuan are nabarmenagoa da zorroztu behar hori, zokoratua eta baztertua egon baita oraintsu arte, eta hala dagoelako oraindik ere esparru ez gutxitan. Gure aurrekoen kemen eta lanari esker, euskarak alor eta hiztun berri asko irabazi ditu azken mende erdian. Ahaleginik handiena euskararen estandarizazioan egin da, eta hala behar zuen noski. Denon artean osatu dugun euskara batua, ordea, kolore eta erregistro bakarrekoa da, eta administrazio hizkeraren jite astun motela du. Erregistro informaletan (hiztunari gehien axola diotenetan, alegia), apenas baliagarria zaigu: laguna kontsolatzeko; inor zirikatu, limurtu edo zapuzteko; geure barrua hitzen bidez lasaitu eta baretzeko; solaskidea hurbildu edo urruntzeko…  

Hiztunak sarri izaten du horrelakoak egiteko premia, eta maite-maitea duen hizkuntzak (euskarak) ez badio horretarako balio, dakien beste hizkuntza batera joko du premia asetzeko zerbaiten bila, gaur egun ez baitago euskarazko hiztun elebakarrik. Beste hizkuntza hori gaztelania bada, es lo que hay, en plan, tener el mono, de puta madre, pagafantas, a toda hostia… eta horrelakoak ehunka aurkituko ditu aukeran; euskaraz, ezer gutxi. Lokuzioak-eta lantzeko garaian, garbi eduki behar da kontua ez dela horrelakoak itzultzea, baizik eta esapide horiek betetzen duten funtzioa bete dezaketen esapideak aurkitu eta sortzea, “euskaratik eta euskaraz”.

Horrez gain, beste hainbat eduki, mekanismo eta estrategia ere landu beharko ditugu, gure helburua lortuko badugu, lokuzio egokirik eza ez baita euskararen bizitasun faltaren sintometako bat baizik. Besteak beste, honako hauek landuko ditugu: izenlagunen errepertorioak, hitz elkarketa, tradiziozko erreferentziak, sormen mekanismoak, hizkeraren estetika, erregistro desberdinak lantzeko bideak (bereziki erregistro ez-formaletan) eta beste hainbat. Beti ere, tradiziotik sormenera eta sormenetik tradiziora etengabe jauzi eginez, tradizioan baitago gaurko gure komunikazio arazo gehien-gehienen konponbidea (tradizioa behar bezala erabiltzen baldin badakigu, jakina).

Ameskeria litzateke pentsatzea 8 orduko jardunean euskara guztiz zorroztea lortuko dugula. Espero dugu, ordea, mintegian parte hartzen duzuenok euskara zorrozten jarraitzeko arrasto eta orientabide batzuen jabe egingo zaretela, zorionez sekula amaitzen ez den zorrozte lanean gero bakoitzak bere kabuz jarraitu ahal izan dezan.

Ahobizi kuttun hori: zatoz egunetik egunera aho-biziago izan nahi dugunon lagunartera! Eman izena Euskara zorrotz, hizkera bizi tailer-ikastaroan!

Noiz: urriaren 15etik azaroaren 5era, 4 ostegunetan.

Ordua: 18:00etatik 20:00etara

Lekua: Oraindik erabakitzeko dago, izen-emate kopuruaren arabera erabakiko dugu.

Prezioa: Doberako bazkideek prezio berezia izango dute, 20 eurokoa. Gainerakoentzat 25 euro balioko ditu.

Izen-ematea: deitu 627285904 telefonora edo idatzi euskaraaridu@dobera.eus helbide elektronikora.

Eman izena!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s