Urte berriarekin batera, hernaniarron hizkuntza-ohiturak aldatzea xede duen beste ariketa bat dator gurera, Euskaraldia-Euskara ari du ekimena.
2018an Baietz Hernanik! ekimena amaitu ondoren, Dobera Euskara Elkarteak bere gain hartu zuen Euskara ari du ekimenaren ardura, eta joan zen hilabetean, urtarrilaren 14an, zehazki, urte honetarako proposamena aurkeztu zien bertaratu ziren entitateetako ordezkariei.
Hernanik nazio mailako ariketa sozialarekin bat egingo du, 2018an egin zuen bezala, eta Hernaniko ahalik eta entitate gehienak 15 eguneko ariketan parte hartzera animatuko ditu, talde barruko hizkuntza-ohiturak alda ditzaten. Entitate diogunean, enpresak, komertzioak, kirol taldeak, kultur taldeak… edozein talde motari buruz ari gara.
Horrez gainera, kontuan izanda 2018tik hizkuntza-ohiturak aldatzen dabilen taldeak badaudela, nahi duten entitateei epealdi luzeagoko proposamena luzatuko die, eta proposamen hori gauzatzeko aholkularitza eta baliabideak eskaini.
Aurten Euskaraldiak entitateei garrantzia berezia emango dien arren, Hernanin norbanakoen hizkuntza-ohiturak jorratzearen aldeko apustua ere egingo da, eta haiei zuzendutako lanketa egitea aurreikusita dago.
Beraz, adi egon berriei, Euskaraldia-Euskara ari du badator eta!
