Pasa den ostiralean, hilaren 14an, HCREk Ohorezko Taldea aurkeztu zuen Tilosetan urtero legez.
HRCE Baietz Hernanik! ekimena hasi zenetik aritu da erronkalariak bilatzen laguntzen, bai taldearen baitan lanketa eginez, bai ingurukoak ere animatuz. Ekimena bukatzeko lau hilabete geratzen diren honetan, oraindik lanketa egiten jarraitzeko asmoa dute, eta horretarako, Ohorezko Taldeak Landaren jokatzen duen aldiro, mahaia jarriko dute jendeak erronkalari izateko izena eman dezan.
Horrez gainera, ekimenarekiko konpromisoa publikoki adierazi nahi izan dute, ekipamenduan gure logoa jarriz.
Halaber, Clubeko presidenteak, Juanito Rodriguezek, gerturatutako guztiei rugby taldearen konpromisoaren eta bere erronkaren berri eman zien, euskararen erabilera bultzatzeko garaian, denon ekarpena baliagarria dela azpimarratuz.
Eskerrik asko HCREko kide guztioi zuen laguntzagatik!
Bultza Hernani!